Gaur arratsaldeko hiruretan, ikasturteko lehen bilera mistoa egin dugu eskolako liburutegian. Bilera mistoan, lehen hezkuntzako gela guztietako ordezkariak elkartzen dira, zuzendaritzarekin, jangela arduradunarekin, begiraleen ordezkariarekin eta guraso elkarteko ordezkariarekin batera. Bertan gai ezberdinak jorratzen dira, eta erabakiak denon artean hartu ahal izateko, ordezkariak adi egoten dira landutako gaiei buruz informazioa jasotzen, ondoren bakoitzak bere gelari helarazteko.
Datozen egunetan, ordezkariek geletan gaiak aurkeztuko dituzte eta kideen iritziak jasoko dituzte, hurrengo bilera mistoan azaltzeko. Landutako gaietako bat eskolako patio erabilerari buruzko hausnarketa izan da.
Bilera honetara ikasleek beren kezkak, zalantzak edo kexak ekartzeko aukera ere izaten dute, eta guztien artean erantzun bat ematen saiatzen gara.
Oraingoa lehena izan da. Gure buruak aurkeztu eta elkar ezagutu ondoren lanean hasiko gara, denontzako ahalik eta eskola onena eraikitzen.